Politika -

Bizkartzainak udaletxean

Andoaingo Bildu PSErekin eta PPrekin bilduko da egoera bideratzeko

Ane Karrere alkateak zinegotzi popularrari eta sozialistari deitu die polemika handia sortu duen gaia elkarrekin jorratzeko.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ane Karrere Andoaingo alkateak (Bildu) bilera bana egingo du datorren astean PSE-EEko eta PPko zinegotziekin Udalean bizkartzainei sartzea galarazteko hartu duen neurri polemikoa bideratzeko, aipatu alderdietako iturriek jakitera eman dutenez.

Ohar batean Andoaingo Bilduk azaldu duenez, EAJko, PSE-EEko eta PPko zinegotziekin bilduko da "hainbat komunikabidetan piztu den polemika artifizialaren ondoren sortu den egoera aztertzeko eta herriko udal ordezkarien artean adostasun batera iristeko".

Koalizioak aipatu duenez, bizkartzainei udaletxean sartzeko debekuarekin ez dute "inolaz ere zinegotzien segurtasuna murriztu nahi izan". "Neurria ez da izan PPko eta PSE-EEko zinegotzien kontrako zigor politikoa", adierazi du Bilduk.

Andoaingo alkate Ana Carrerek hartutako erabakia "bizikidetza politikoaren bidean udaletxearen barruan ere normalizaziorantz egin beharreko urratsa izan da", oharraren arabera.

Ares, "itxaropentsu"

Andoaingo Udalean "egoera bideratu" daitekeela uste du Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak, eta horregatk "itxaropentsu" azaldu da, Ana Carrere alkatearekin hitz egin eta gero.

Herrizaingo Saileko iturriek jakinarazi dutenez, zinegotzien segurtasuna bermatzearen garrantzia azpimarratu du Aresek elkarrizketan.

Estanis Amuchastegui Andoaingo alkate ohi eta PSE-EEren egungo udal-bozeramaileak azaldu duenez, Karrereren dei bat jaso du gaur eta gaia "bidera" daitkeela ziurtatu omen dio.

Amuchastegui ados agertu da alkatearekin, baina "lehenago" deitu behar zuela uste du, gaia "asko puztu baita".

Bestalde, PPko iturriek ere baieztatu dute Karrereren deia jaso izana. Asuncion Guerra zinegotziarekin hitz egin du alkatea.

Iragan astean sortu zen polemika, Karrerek PPren eta PSE-EEren zinegotzien bizkartzainei udal-eraikinetan sartzeko debekua ezarri zienean eta gainera, segurtasun arkua eta eskanerra kentzea ere erabaki zuenean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea